Oñatik, iaz baino %5 gehiago emango dio, Udalek Mankomunitateari egin ohi dioten diru ekarpenean.
Debagoieneko Mankomunitatearen 2012ko aurrekontuak onartu eta alegazioetarako epea beteta, ia behin betiko izaeraz indarrean daude.
Eskualdeko erakunde honek eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzeko, berau osatzen duten udalen diru ekarpena ezinbestekoa da. Aurten, ekarpen hori %8.68 igoko da bataz beste.
Baina igoera ez da udal guztietan maila berean aplikatuko. Oñatiko udalaren ekarpena esaterako, %5a haziko da iazko kopuruarekiko.
Udalek mankomunitateari eman behar dioten dirua kalkulatzeko bi aldagai erabiltzen dira. Zenbait zerbitzuren kostua, biztanle kopuruaren arabera kalkulatzen da eta beste batzuk berriz, erabiltzaile kopuruaren arabera.
Azken urtean Oñatiko biztanleriak gora egin duen arren, zenbait zerbitzuetan, erabiltzaileen kopuruak behera egin du edo gutxienik, tauletan, maila bajuago baten arabera kotizatuko da. Herriko jarduera ekonomikoari begiratu behar zaio beraz, hori ulertzeko.
Udalen diru ekarpena kalkulatzerakoan eta zenbait zerbitzuen erabilera neurtzerakoan, herrian dauden industria eta merkatal lokalak hartzen dira kontutan. Eta hauek dituzten langileen arabera mailakatzen dira. Oñatin, azken urtean, langile kopurua murriztuta, tauletan maila txikiagora pasatu diren hainbat enpresa eta denda daudenez, kontzeptu horrekiko kuota merkatu egin da, mankomunitateko udal ordezkariek adierazi digutenez. Horrek, berebiziko eragina izan du udalak aurten egin beharko duen diru ekarpenean.
Guztira, Oñatiko udalak, kasik milioi bat eta 200 mila euroko ekarpena egingo dio mankomunitateari, iaz baino %5 gehiago esan bezala. Aipagarria da hori bai, udalei aplikatuko zaien igoerarik txikiena dela Oñatikoa. Antzuolak, %5,75eko igoera izango du, hori ere bataz bestekoaren azpitik eta txanponaren bestaldean, mediaren gainetik, Bergarako udalari aplikatuko zaio. Honek, iazkoarekiko %10,5aren igoera izango baitu bere ekarpenenean.

