Arantzazu Santutegia

Erligiositatea eta abanguardia elkarturik

arantzazu_03.jpg

Kondairak dioenez, Rodrigo de Balzategi izeneko artzain bati Ama Birjina agertu zitzaion elorri baten gainean. Harrituta, honakoa galdetu zion: "Arantzan zu?" Ondorengo mendeetan frantzizkotarrek gurtza, pereginazio, arte eta kultur gunea antolatu zuten leku garai hartan.

Monastegiak suteak jasan zituen 1556an, 1622an eta 1834an, halabeharrez edo nahita eragindakoak, eta aldi bakoitzean berriz eraiki behar izan zuten. Gudu karlistan gertatutako sutearen ostean, fraileen joera absolutistei bukaera emateko, tenplua eta komentua berriz eraiki zituzten, baina tenpluan ez zegoen bertaratzen ziren erromes guztientzako lekurik.

1951an, eredu neorromaniko eta neobarrokoen araberako zatikako berrikuntzak eta handitze-lanak etengabe burutzen jarraitu beharrean, basilika bat egitea erabaki zuten. Neurriz eta itxuraz benetan itzal handikoa eta artegintza modernokoa izatea nahi zuten; eta horretarako, ideia-lehiaketa antolatu zen. Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorgaren proiektua izan zen irabazle.

arantzazu_01.jpg

Haitzarte erdi-erdian, fatxadaren eta kanpaien dorreak zutik daude, kareharrizko milaka diamante-muturrez estalita, karezko paisaren jarraipen eta elorriaren arantza zorrotzen aipamen gisa. Fatxadaren erdiko horma aingerutzarrez apaintzeko asmoa zuten hasieran, baina ezerezean geratu zen eta hainbeste euri-jasaren hitsak besterik ez ditu apaingarri. Oinarrian 14 apostoluz osatutako frisoa dago eta, bukaeran, Pietatea. Irudiak hotzak dira, hutsak, izotzak haitzetan sorrarazten dituen formen erara, Jorge Oteiza, egilea euskal hutsune sinbolikoaren bila dabilela erakusten digutenak. Euskal Herriko elizetan beti egon dira arkupeak, herritarrek euria, lanbroa eta hotza dagoenean aterpea izan dezaten solasaldiak eta bilerak egiteko.

Arantzazuko basilika abangoardistak ere kontuan hartu zuen hori, eta arkudura eder eta irregularreko arkupea eraiki zuten. Tenpluan sartzeko lau ateak Eduardo Chillidak egin zituen. Harmaila aldapatsuak jeitsitakoan, ia lurrean sartuta agertzen zaizkigu; mineral itxura dutenez, lurrazpiko munduan sartu behar dugula ematen du. Tenpluan sartu eta erretaula nagusi eskerga ikusterakoan ere antzeko zirrara sortzen da. Lucio Muñoz da egilea, 600 metro karratu baino gehiago ditu eta egur tailatuz eta polikromatuz dago landuta.

arantzazu_06.jpg

Koloreek argitasun handiagoa dutenez eta taila hain zorrotza ez denez, igo ahala, lur sakon eta ilunetik zeru disdiratsura eraman gaituztela dirudi. Bi munduen arteko mugan, bien bitartekari, Ama Birjina dago kaxatxo batean. Erretaularen sinbolismoak garai batean behin eta berriz erabiltzen zen gai bat dakarkigu: bakea, hau da, Arantzazuko Amak bere agerpenarekin, XV. mendean, ekarri zuena, banderizoen arteko gudu odoltsua eten eta gerrarik gabeko aldi luze bati hasiera ematea lortu baitzuen. Irudi gotikoak XIII. mendekoa dirudi, baina XV.ean berriztatu egin zuten. Kretazko harriz dago eginda, eta hemen ez zegoen halakorik. Ezkila oso zaharra da, irudia baino lehenagokoa.

Argi-jokoa Javier Alvarez de Eulateren beirateez lortzen da hein batean, urdinak direla nagusi. Deanbulatorioan, Ama Birjinaren kaxatxoaren atzean, Xabier Egañak zortzi pintura margotu zituen. Horietan, Job-en liburuaren edo minaren zentzugabekeriaren inguruan hausnarketa egiten du, gizakiarekin hain lotua dagoena, eta Apokalipsiaren azken uneen inguruan.

Kripta Nestor Basterretxeak apaindu zuen. 18 horma handi ditu, berebiziko espresio-ahalmena eta kolorearen erabilera erasokor samarra ezaugarri dituztenak.

Arantzazuko lanen izaera abangoardista ez da beti behar bezala ulertu, eta horregatik, lanak luzaroan geldiarazi eta, zenbaitetan, proiektuak berriz zehaztu behar izan ziren.

Ignaziotar lurraldea