Arkitektura zibil eta erlijiosoa
Oñatin zehar ibiliz, era guztietako elementu historiko-artistikoak ikusiko ditugu. Ez da ezer falta: baseliza, eliza eta dorretxeetako taila gotikoak, Arantzazuko abangoardiako artea, eraikuntza eta erretaula errenazentistak, eraikin zibil eta erlijioso barrokoak, XIX. mendeko ekarpena, hau da, iturriak, hirigintza, Laterandar kanonigoen eliza neogotikoa, etab. Aukera horien guztien artean hiru elementu nabarmendu nahi ditugu: Bidarreutako Monastegia, Santa Marina Plaza eta Foruen Enparantza.
Juan Lopez de Lazarragak, Errege Katolikoen gorteko gizon boteretsuak, eta Juana de Ganboa emazteak hilobi egokia nahi zuten eraiki jaioterrian, eta Bidaurretako klarisa frantziskotarren Monastegia sortu zuten. XVI. mendearen hasieran eraiki zen, hainbat estilo nahastuz eraiki ere: gotikoa, errenazentista eta mudejarra. Azken horren elementu ezaugarriak klausuragunean daude: klaustroa eta, batez ere, jantokiko kaseitodura ikusgarria. Fundatzaileen hilobia, nahiko xaloa, Oñatiko hainbat familiaren 218 hilobi ere badaude elizan, hiru mendetan bertan ehortzi baitzituzten hildakoak. Bi erretaula dira aipatzekoak tenpluan. Handiena barrokoa da; urreztatu gabeko egurraren gainean, Ama Birjinaren koroazioa dugu ikusgai, santuz inguratuta eta balkoi hegaldun batean.
Erretaula platereskoa, 1533koa, errenazentistek Gipuzkoan landutako lehena izan daiteke. Juan de Olazaran oñatiarrak ere tailaketa-lanetan parte hartu zuen. Lehen gorputza Testamentu Berriari buruzkoa da, eta bigarrena, Zaharrari buruzkoa. Tailen trataera inozo eta trakets samarra da, hain zuzen, horregatik da erakargarria. Ahaztezinak dira Evaren sorkundea Adanen sahiets-hezurretik aterata, desobedientzia, sugeak gizaki-burua duela, edo zigorra, "Eva iruten eta Adan goldaketan zegoela" dioen Erdi Aroko atsotitza burura dakarkiguna.
Santa Marina plaza XVIII. eta XIX. mendeen artean egin zen. Izpiritu ilustratu eta burgesaren elementu ezaugarri askok bat egiten dute bertan, praktikoa eta nolabaiteko erakutsi nahia izanagatik tinkoa eta orekatua den izpiritu horrenak: Antia eta Madinabeitia jauregi barroko zoragarriak; barrokoaren eta neoklasikoaren arteko trantsizioko Baruekua jauregi ikusgarria, Areizagako jaunarena, Peñafloridako kondearen aitaginarrebarena, izan zena; egungo Kultur Etxea hartzen duen Moyua etxea, hemeretzigarren mendekoen tankerakoa eta jauregietako iturriak eta lorategiak.

Oñati probintzian sartu zenean, udalerriaren egitura zatikatua antolatu nahi zuen hirigintza-plan baten baitan egin zen Foruen Enparantza. Elementu politiko-zibilari eman zitzaion lehentasun sinbolikoa, enparantzaren kokagunearen eta buru duen udaletxearen bidez. Erreka eta errekatxoak estali eta arkuduradun eraikuntza bi eraiki ziren, horietako batek parrokiako absidea ezkutarazten zuelarik. Ikuspuntu Neoklasikoaren irizpideei jarraiki, frontoi bat sartu zen plazan eta perspektiba hegoaldetik irekita utzi zen, Aloñaren tontorrek besterik muga ez zezaten.
Mariano Jose de Laskurainek egin zuen proiektua, eta Antonio Kortazarrek, gerora Donostiako zabaltze-plana egin zuenak, ere parte hartu zuen. Kontzejua Martin de Carrera-rena da; rococo frantseza gehiegi apainduta dago, gure herrian ohikoa denari begiratzen badiogu. Aldamenean, Lazarraga jauregia eta dorrea daude. Jauregia gotikoa zen hasieran, baina XVII-XVIII. mendeetan berritu eta zabaldu egin zuten. Dorreak erdi aroko kutsu handia du, esgrafiatuak gaztelauak dira bete-betean eta babes-atea iltzatuta eta flejeatuta dago.

